Gure dantzak

ARABAKO DANTZAK

TXULALAI

Arabar Errioxako Paganosen San Blas egunean egiten da (otsailaren 3an). Marmarisola ere esaten zaio dantza honi. Dantza herrikoia da, nahi bestek dantza dezakete, jantzi berezirik ere ez da behar. Ez dakigu non duen jatorria. Hiru zatitan banatzen da dantza. Deigarriena hirugarrena dugu, neska-mutilek elkarri ipurdikadak ematen dizkiotena. Mutilek harriak sartzen omen dituzte poltsikoetan.

VILLABUENAKO MAKIL DANTZAK

Dantza hauek udalerriko zaindariaren jaietan dantzatzen ziren, maiatzaren 15ean, San Torcuato, eta azaroaren 30ean, San Andres. Dantza hauek zortzi mutilek dantzatzen dituzten makil-dantza sorta dira. Hauei laguntzen, batzuetan katximorroa egiten da, dantzaren zuzendaria.

Janzkera eskualdean erabiltzen denaren antzekoa da: alkandora eta galtza zuriak, espartina zuriak zinta gorriekin, lepoan zapi gorria, gerriko gorria eta kolore biziko saiuelak. Batzuetan, Villabuenako dantzariak bular aldean gorri eta urdin koloreko bi zinta gurutzatuta daramatzatela ikusi dugu, bai eta buruan, gorri koloreko zapia daramatela ere. Eskuineko eskuan 40 zentimetroko luzera duen makila bat eramaten dute eta ezkerrekoan kaskaineta bat, dantzak hala eskatzen duenean behintzat.

Musikari dagokionean, herri bertako gaita-joleak izaten ziren dantzariei laguntzen zietenak.

ZIEGOKO DANTZAK

La plazako Andre Mari egunean, herriko zaindari egunean, dantzariek Amabirjinaren irudiari, dantzekin laguntzen diote prozesioan. Eltziegoko banderak leku inportantea izaten du. Dantzari gazteek, herriko parrokiatik jira egin ondoren, ermitan jartzen den irudiaren aurrean, dantzatzen dute. Pasakalles, Dantza, Kuatrokalles, Arbol eta Jota.

BIZKAIKO DANTZAK

AURRESKU

Jatorria Durangon badu ere, aldaera asko onartzen ditu. Agintari edo pertsonen ohoretan, dantzari bakar batek egiten du.

BIRIBILKETA

Erritmo zaharra eta herrikoienetakoa da: andreak eta gizonak elkar hartuta, kale, plaza eta jaia ospatzen zen lekuetatik zehar ibiltzen ziren katea osatuz.

DANTZARI-DANTZA

Durango aldeko herrietan mendeetan zehar egina den bederatzi dantzez osoturiko seriea. Jai patronalaren egunean, zortzi dantzariz osotutako taldeak, herriko plazan eta agintarien aurrean, serieari hasiera ematen diote Agintarienarekin, herriko bandera makurtuta dauden dantzarien gainetik aireratuz; ostean, banakako zein taldekako dantzak egiten dituzte, zenbaitetan makilak edo ezpatak erabiltzen dituztelarik.

Zenbait aldaki ditu dantza-serie honek; Itxas Argia Dantza Taldeak, Iurretakoa dantzatzen du.

EGUZKI DANTZA

Dantza hau San Pedro egunez egiten da bakarrik (ekainaren 29an), kaixarranka amaitu ostean, herriko plazan, Udaletxearen aurrean.

Itsasaldeko Lekeitio Hiribilduan, neskek Soka dantza egiten zuten San Juan egunean (ekainaren 24an). Andreen Aurreskua edo Eguzki Dantza izenez ezagutzen zen eta berezko nortasuna zuen. Andreek egunean hiru bider egiten zuten dantza hau: eguna argitzean (albakuan), eguerdiko meza ostean eta iluntzean, arrosario ostean.

Koreografia Aurresku klasikoaren antzekoa da, baina neskek egindako dantza honek berezkoak eta paregabeak diren elementuei eusten die. Andreek egindako beste Aurresku batzuekin alderatuta, protokolo zorrotzagoak eta egituratuagoak ditu, nahiz eta aipatu aurreskuak, garai batean, Bizkaia osoan hedatuago egon.

FANDANGO ETA ARIN-ARINA

Euskal Herri osoan oso ohikoa da dantza hau, jai eta erromerietan. Aldaera asko ditu. XVIII. Mendean bukaeraz geroztik Euskal Herriko leku gehienetan egindako dantza mistoak dira. Dantza horiek euren izaera hartu dute, edozein jai egunetan egiten dira-eta.

Koreografia orokorra, bai Fandangoan bai Arin-arinean, ez da oso zehatza arauei dagokienean. Bi dantza horietan era desberdinetan egin daiteke: modu klasikoan, hots, biribilean jarrita, edo aurrez aurre, ilara banatan jarrita. Dantzen pausuak oinarrizko hiru mugimendutan bana ditzakegu (oin puntekin egindakoak, lekualdaketak eta birak). Herri, familia edo dantzari bakoitzak bere estiloa eta bat-batekotasuna emango dio pausu bakoitzari. Garai batean, “Jotaren” barruan zati geldo bat ere dantzatzen zen, parte hartzaileak “dantza lotuan” bikoteka jartzen zirelarik (baltsean bezala).

Dantza horiek, modernotzat har baditzakegu ere, zentsura eta debekupean egon izan dira, eta jazarriak izan dira beren lizentzia koreografiko eta moralengatik. Musika-tresnak ere gaitzetsi zituzten udal-agintariek eta batez ere elizako agintariek.

GORULARIAK

Hiru dantzak  osatzen dute Durangon egiten den Gorulari dantza multzoa. 1886an Durangoko fiestas euskara-erako prestatu zuten, liho lanari buruzkoa da. Bertsoak Juan Antonio Mogelen Peru Abarka (1881) liburutik hartu zituzten, musika V. Zubiaurrek konposatu zuelarik. Arku-dantza eta Domingilluen-dantza lehenagokoak dira. Domingilluen dantzak, durangarrak Tabirako zelaietan mairuen kontra lortutako garaipena gogorarazten du.

IBARZABAL ARKU DANTZA

Ibarzabal eibartar armagin famatuak lan kontuak zirela eta Frantzia aldera egindako bidaietako batean ekarri omen zuen dantza hau Eibarrera. XVII. mendearen azken aldetik aurrera Gorpuzti eguneko, San Juanetako eta bestelako jai handietan dantzatzen zen. 1908an Eibarren ospatutako Euskal Jaietan azkenengoz  egin zen dantza hau.

1948an Santa Cruzek moldatu zuen dantza berriz 1908ko emanaldian parte hartu zuten bi dantzarik emandako argibideetan oinarrituta, baina moldaketa emakumeentzat eta dantzari kopurua 17tik 13ra murriztuz egin zuen.

Egun 12 dantzari eta buruzagiak parte hartzen dute Ibarzabal arkudantza honetan. Dantzari bakoitzak ongi apaindutako arku edo uztai bana izan behar du eskuan eta buruzagiak 1,20 metroko lantza apaindua eskumako eskuan.

ARRATIAKO JOTA

Jota eta arin-arin Euskal Herriko oso dantza tipikoak dira. Festetan eta erromerietan dantzatzen dira. Barietate asko daude. Ikusiko ditugun jota eta arin-arina Arratiako bailarakoak dira.

KAIXARRANKA

Lekeitioko itsasgizonen kofradiak, kaixa aldaketan, bere aginte edo maiordomoaren izendatze eta agintea hartzerakoan erritualaren zeremoniarik garrantzizkoena izan da. XVII. mendean herriko agintari guztiak kaixa aldaketan parte hartzen zuten, “bere dantzariarekin, tanbolinerua eta herriko banderarekin”. Kaixa gainera “buruan latria pontifikala eta maskaradun gizon bat” igotzen zen, San Pedro irudikatuz. Erritual honen zati bat galdu zen eta orain, kaixa gainera, frak, txistera eta eskuan San Pedroren sinboloa duen bandera batekin gizon batek gora egiten du. Kaixarrankak, egun ez du dokumentu aldaketekin zerikusirik. San Pedro egunean, ekainaren 29an, bizirik dirauen jaia da.

LANESTOSA

Lanestosa herrian, Elurretako Ama Birjinaren egunean eta giro erlijiosoaren barruan, egin ohi da prozesioa. Bertan dantzariak ateratzen dira. Dantzari kopuru bikoitia eta ez zortzitik beherakoa. Historikoki Corpus egunean ateratzen ziren. Etxez etxe abiatzen dira eskean, bizitza luzea eskatuz.
Musikari dagokionean, egun txistua eta danbolina jotzen da baina badira antzinako datuak eta bertan beste instrumentu batzuk ere agertzen dira, besteak beste dultzaina, banda,…

MAIGAÑEKOA

Batez ere Mendexa, Xemein eta Gizaburuagan egiten den dantza bizkaitarra. Dudarik gabe, aipaturiko udalerrietan ohitura garrantzitsua dugu hau, herriko Alkatea bera baita auzokoak biltzen dituen anaitasun afariaren osteko erritoaren burua. Afaria bukatu eta gero, mahaikideak banan-banan mahaira igo eta, Alkateak emandako ardoa edan ondoren, gainerako partaideak abesturiko kantaren soinuaz dantzatzen dute.

TXAKOLIN

Dantza bizkaitarra, dantza-jokoen artean dagoela esan genezake. Dantzariak, kanta baten erritmoa jarraituz, lurrean gurutzaturik kokatutako bi makilen inguruan dantzatzen du, bere trebetasuna erakutsi nahian.

XEMEINGO EZPATA DANTZA

Arretxinagako San Migel Goiaingeruaren ermitan ospatutako mezaren ostean, Ezpata Dantza eta Aurreskua egiten dute. Gauez, ermitari errito-buelta ematen diote, farol bat argipean.

Ezpata dantza honek, Euskal Herriko eta Europako beste zenbait tokitan egiten diren ezpata dantzen antzeko ezaugarri koreografikoak ditu. Egiten dituzten irudi koreografikoen artean zubiak, “larrosa” (dantzariek parrilla bat osatzen dute ezpatak elkartuz eta taldeko maisu zaharra parrilla gainera altxatzen dute) eta ezpata txin-en ezpata laburrekin egindako mugimenduak aipatu behar dira.

Dantza hau San Migel ermitaren eta Xemeingo garai bateko Udaletxearen aurrean egiten da. Urteak igaro ahala, dantza honek aldaketak izan ditu koreografian; beste dantza berri bat sortzeko balio izan zuela ere esan daiteke. Dantza berri hau, zeruko indarrek gaitzaren boterearen aurka egindako borrokaren sinbolo da. Ermitaraino prozesioan joan, eta udal-agintariekin batera meza entzun ostean, Ezpata Dantza eta “ohorezko aurreskua” egiten dute.

GIPUZKOAKO DANTZAK

BROKEL-DANTZA

Ezpata-dantzarekin batera, Gipuzkoako herri askotako jaietan dantzarik garrantzitsuena da. Bizkaiko Dantzari-dantza bezala, zenbait dantzez osoturiko seriea da; izena, seriearen dantza batetatik datorkio hain zuzen; hasiera batetan bederatzi dantzak osotzen zituzten arren, gaur egun hamaika dira, bi arku-dantza gehitu ondoren. Taldea, hamabi dantzari eta kapitain batez osotuta dago. Nahiz eta jatorriz mutilen dantzak izan, seriearen zenbait dantza neskek dantzatzen dituzte orain.

LAPURDIKO DANTZAK

INAUTERIAK

Garai batean Lapurdiko herri gehienetan ospatzen ziren inauteriak. Kaskarrotek, arlote eta dantzari jantzitako pertsonaiek, herria zeharkatzen zuten, dantzan, abesten eta jendea dibertitzen. Pertsonaia hauek Zuberoako maskaraden antzeko antzezpenak egiten zituzten.

Zoritxarrez, egun galdua dugu ohitura hau, baina kaskarrotek egiten zituzten dantzak gorde ahal izan dira:

1) Makil-dantza: bertsio eta erritmo ezberdinak daude, makil-dantza batzuk abestu egiten zituzten.

2) Jauziak: oso dantza zaharrak dira, zirkuluan eta pausu jakin batzuei jarraiki osatzen dira. Jauzien pausu ezberdinak bata bestearekin lotzen dira doinuaren arabera.

3) Soka-dantza: kate luze bat osatzen dute dantzariek. Zapiak erabiltzen dituzte soka osatzeko. Ohiturak dioenez, Ezpeletan gizonak katea osatuz etxeko ate batetik sartu eta bestetik irteten ziren. Urteko garai ezberdinetan egiten zen soka-dantza hau.

4) Fandango eta arin-arina: fandangoa modu berezian egiten dute lapurtarrek. Baina berriki sartu dira fandango eta arin-arina Lapurdiko ohituran.

ZAPATAIN DANTZA

Lapurdiko joko-dantza. Dantza xume honetan zapatariaren lana antzezten da eta horregatik “zapatain-dantza” izena. Ondo banatutako bi zatik osatzen dute. Lehenengo zatia dantzari dagokio eta bertan zenbait jauzi pausu egiten dira. Bigarren zatia zapatariek beren lanean egin ohi dituzten mugimenduak egiten dira: jostorratza prestatu, josi, iltzatu eta abar.

Esanahiz beteriko musika du, dantza ere oso espresiboa izan ohi da. Dantza hau ikusita pentsa dezakegu euskalduna bere dantzak egiterakoan ez dela serioa bakarrik izan beste dantza batzuetan ikusi ohi den moduan. Dantza honek erakusten du dantzetan adierazgarritasuna eta xumetasuna ere islatu zirela dantzetan.

NAFARROAKO DANTZAK

IRIBASKO INGURUTXOA

Borobil zabalean bikoteek egindako dantza, erlojuaren orratzen kontrako norabidean, soka-dantza egituran. Dantza honetan ezinbestekoak dira zubiak, pertsona ez duinak sokatik at gera daitezen. Dantza Imotzeko esku-dantzarekin amaitzen da.

JAURRIETA

Doinu hau Nafarroako Zaraitzu bailarakoa da. Juan Antonio Urbeltzek sortutako koreografia entzun eta ikusiko dugu.

KORTES

San Migel egunez egiten da, irailaren 29an. Zortzi dantzarik osatzen du taldea. Hauekin batera Maizterrak, Radabanek, Aingeruak, eta Deabruak ere hartzen dute parte. Herri antzerki kutsua du dantzak, kutsu erlijioso eta dramatikoa ahaztu barik.

Goizean Santuaren irudi aurrean egiten da dantza. Arratsaldean, plazan, San Migelen aurrean, Dance osotasunean egiten da.

Pertsonaien antzezpenak gai ezberdinak jorratzen ditu, Santuari buruzkoak, ongia eta gaizkiaren arteko borroka, berriak, gordinkeriak, gertakari barregarriak, herriko gertaldiak , eta Danceko partaideenak.

LIZARRAKO LARRAIN DANTZA

Lizarra inguruko dantza herritarra. Nafarroa guztian hain dantzatuak eta hedatuak diren ingurutxoekin zerikusi handia du, baina berezitasun handiekin. Zenbait zatitan banatuta dago: pasacalles, cadena, fandango, vals, jota vieja, boleras eta correcalles. Lizarrako plazan, Puy Andra Mariaren egunean, bertako dantzari taldearekin batera, adin desberdinetako bikoteak dantzatzen dute Larrain Dantza. Gaur egun, Euskal Herriko edozein dantzarik ezagutu behar duen dantza da.

LUZAIDE

Berez inauterietarako sorturiko antzezpena dugu. Baina tobera-mustra edo sasi-auzi bat egin nahi denean ere kaleratzen da.  Zapurrak, gorri, zigantilak, makilari, eta baita banderari bat izaten dira. Luzaiden herriko bandera izaten da banderariak erabiltzen duena, besteetan ikurrina izaten da. Bolantek dantza egiten dute. Pertsonaia bakoitzak bere lana betetzen du, honetaz gain jauzi edo plaza inguruko dantzak ere egiten dira.

USTARROTZEKO TXUN-TXUN

Erronkariko haraneko antzinako dantza da, oraindik bizirik irauten duen Nafarroako ohituren jatorria erakusten digu. Gehienetan pañuelo dantzarekin batera egiten den dantza da. Erritmoa, higidura eta pausuak, beren antzinako gustua nabarmentzen dute. Originalki Txistua eta danbolinarekin jotzen den dantza da, bere soinua xumea da, noizbehinka monotonoa dirudi usadiorik ez duten belarrientzako, baina edertasun ohiz kanpokoaz. Dantza honen bereizgarritasunak goretsi egiten dira Erronkariko jantzi ikusgarri eta erakargarriekin.

ZUBEROAKO DANTZAK

BRANLEA

Antzina, Branlea Zuberoako Pirinioetako haran txikiko katea irekiko dantzarik garrantzitsuena zen. Resurrección María  de Azkue Jaunaren ustez ezkontzetako bazkaria amaitutakoan dantzatzen zuten. Gaur egun Inauteri konpartsetatik at ez da indarrean. Maskarada antzezten duen herriak eta harrera egiten dionak Branleari esker egiten dute bat. Bateratze honetatik elkarketaren giroa sumatzen da. Gainera, sarrera eta maskarada beraren bitarteko dantza bezala egiten da.
Zuberoako Branleak oso hiru zati nagusi ditu:
A)”Contrepas”.
B)Branletikauzira.
C) Karakoiltzea.

MATELOTA

Dantza hau Ziburukoa da, arrain salketa antzezten du. Itxas Argia dantza taldeak Kaixarrankarekin batera dantzatzen du.