SOKA ERAKUSKETA

“Iparra Galdu Gabe” programa bi urtez behin antolatzen du Getxoko Udalak herriko hainbat elkarterekin elkarlanean. Bere helburua da Ipar Euskal Herria Getxon ezagutzera emateko jarduerak antolatzea. Aurtengo edizioaren jarduera nagusia Romoko Kultur Etxean ikusgai egongo den SOKA erakusketa izango da. Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak ekoiztutako erakusketa honek euskal dantza hobeto ezagutaraztea du helburu. Erakusketa multimedia da eta bertan 400 ilustrazio baino gehiago daude ikusgai: argazkiak, filmak, lekukotasunak, soinu zatiak, etab. Alabaina, Getxok ere badauka bere aportaziotxoa erakusketan: Itxas Argiako neska-mutil dantzari batzuei ateratako formatu handiko hiru anaglifo ikusgai daude erakusketan Getxophotoren lanari esker eta, zehatzago, Alfredo Divasson argazkilariari esker.

Erakusketaren irekiera ekitaldia urriaren 4an ospatu zen Getxoko Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotzi Koldo Iturberen eta Euskal Kultur Erakudearen zuzendari Pantxoa Etchegoinen eskutik. Bertan, Koldo Zabala dantzari eta koreografo getxoztarraren familiari oroigarri bat emango zaio, hark Iparraldean euskal dantza sustatzen egin zuen lan itzelagatik.

SOKA ERAKUSKETA:

Urriak 4 – Azaroak 4. Astelehenetik ostiralera: 8:00-22:00. Larunbat, igande eta jaiegunetan: 09:00-21:00.

+INFO: https://www.eke.eus/eu/soka?set_language=eu