DANTZA TALDEA

Itxas Argia Dantza Taldea 1964. urtean jaio zen izen bereko elkartearen babespean eta Getxoko Andra Mari auzoko dantza talde bakarra da. Lehenengo entsegu lekua Zuazo Taberna izan zen, gaur egun desagertuta dagoen Getxoko geltokiaren ondoan. Garai latzak ziren errepresioa handia zelako eta, horregatik, klandestinitatean dantzatzen zuten. Lehenengo dantza maisua Paulino Azkue izan zuten.

Lehendabiziko ekitaldi publikoa 1965eko maiatzean egin zuten, Andra Mariko Sanisidroetan, eta, horren ostean, urte bereko Paella Lehiaketan ere dantzatu zuten -X. edizioa izango zen-. Taldearen hastapenak oso zailak izan ziren ez baitzeukaten ez lokal propiorik ez materiala eta arropak erosteko dirurik. Alabaina, 1968an taldeak txistularia lortu zuen eta horrekin batera bere presentzia indartu ere. Jesus Mari Mayor, ‘Txus’ ezizenez, bere txistuarekin dantzei doinua jartzen hasi zen eta, handik gutxira, taldeko txistulari ofiziala bihurtu zen.

Hurrengo urteak oparotasun handikoak izan ziren. 1970. urtean Elkarteak Iturribide kalean lehen lokala erosi zuen eta bertan bateratu zituen ekintza guztiak. Era berean, taldeak bere errepertorioa zabaldu eta ondu zuen Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako ikastaroei esker. Izan ere, erakunde honen zeregina euskal folklorea berreskuratzea, batzea eta hobeto ezagutzeko bidea ematea da.

90ko hamarkadarako dantza taldea guztiz errotuta zegoen. Nesken eta mutilen sailak oparoak ziren eta ikastaroak ematen hasi ziren. Urteotan lan handiak egin zituzten errepertorioa zabaltzeko eta jantzi propioak josteko. Bidaia ugari egin behar izan zituzten gertuko zein urrutiko herrietara, baita zenbait liburutegitara ere.

Itxas Argia Dantza Taldearen lanari esker antolatu zen Getxon 1993an Euskal Herriko Dantzari Eguna. Hori gutxi balitz, urte berean ‘Herrien Jaialdia’ izeneko ekitaldi propioa ospatu zuten aurrenekoz (ikusi web honetako Herrien Jaialdia atala). Emanaldi hau urtero ospatzen jarraitzen dugu eta garrantzi berezia du guretzat.

2006. urtean lokal berria estreinatu zuten zaharraren aurrean. Geroztik taldea asko hazi da eta, momentu honetan, ehun dantzaritik gora dauzka, txiki-txikienek lau urte dituzte eta nagusienek berrogeita baino gehiago.

Urtean zeharreko dantzaldi gehienak bilkura sozialetan eta inguruko herrietako jaietan izaten ditu Itxas Argia Dantza Taldeak. Herriko plaza xumeetan ez ezik, Bilboko Euskalduna bezalako antzokietan ere egin ditu erakustaldiak. Itxas Argiak ere jaso du gonbiterik atzerrira joateko eta dantza jaialdi ezberdinetan parte hartzeko: Bartzelona, Asturias, Errioxa, Grezia, Portugal, Lituania, Italia, Ingalaterra, Belgika, Holanda, Bretainia, Argentina edota Uruguay, besteak beste.

Gure dantza taldearen historia zehatzagoa ezagutzeko, “Memorias de Getxo” blogean argitaraturiko sarrerak kontsultatu ditzakezue: lehen atala eta bigarren atala.

Gorulariak, Herrien Jaialdia (1996)